XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EZ-BAIAN

Literatur sariketen onura edo balio ezari begiratu kritikoa Zaldikon

Txapelketarik irabazi ezean ergitaletxeetan muzin egiten dute

XABIER CARRILLO Iruñea

Literatur sariez eta hauen balio edo onuraz maiz izan da eztabaida kultur giroan.

Egun ere pil-pilean dagoen gaia da, eta horrexegatik, mintzagai aukeratu zuen Zaldiko Maldiko elkartean.

Hizketan, gaian sakonketa egiteko Jon Alonso idazle iruindarra egon zen, berriki Espainiako Literatur Sari Nazionalean finalista gertatu dena, Euskaltzaindia eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) antolatu Mikel Zarate saria, iaz, Idiaren eraman handiarekin irabazi zuena, eta Katebegi galdua eleberri aski ezaguna berea duena.

Josetxo Azkona idazleak Alonso aurkeztean esan zuen bezala, eskarmentu handiko pertsona da zenbait sari irabazi baititu.

Izan ere, Mikel Zarate ez da bakarra, Gipuzkoan ere beste pare bat lortuta ditu; Gabriel Aresti eta Julene Azpeitia sariak.

Jon Alonsok gaia kokatzeko Koldo Izagirrek lehiaketez idatzi 88ko artikulu bat berreskuratu zuen, miatu zituen beste batzuen artean.

Esan zuenez, idazle jendeak eta argitaletxeetakoek oso serio jarduten dute sarien garrantziari buruz eta sariak ongi antolatuta dauden edo ez.

Benetan literaturari mesede egiten diotela sinetsiko balute bezala.

Horretan eszeptikoa agertu zen, lagun dezaketela uste duen arren, ez du uste hori denik bere helburu bakarra, eta, usu ez inportanteena.

Horregatik ekin zion Koldo Izagirreren testu ironiko bati irakurtzeari.

Izagirreren artikulua

Ikuspegi historikoa du haseran artikuluak.

Hala dio: lehenbiziko euskal literatura sarian, 1853. urtean, Abadia jaunak bultzatuta, 37 lan aurkeztu ziren, tartean Etxahun koblakaria aurkeztu zelarik.

Gainera beste apez bati akzesita eman zioten.

Hain zuzen ere, sariketa hortako epaimahaikide guztiak apezak ziren.

Pierre Topet Etxahun berak bertso batzuk paratu zituen txapelketa horri buruzkoak susmoak zirela eta.

Antza, epaimahaiko apez horiek bertso batzuk moldatu zituzten, bere lagun ziren beste apez batzuei pasa zizkieten, eta haiek gero saria erdietsi zuten.

Horrek zer esan nahi duen argiro azaldu zuen Jon Alonsok, lehenbiziko saria, eta lehenbiziko tranpa.

Sarien aldeko jarrerak azaltzerakoan, 75ean Izagirrek eta Bernardo Atxagak atera zuten Panpina ustela aldizkaria aipatu zuen, irakurri zuen artikuluan ere heldu zena.

Honetan zera zioten sariketei buruz: literatura baita herriaren boza, gizarte aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak.

Laguntza hau eskasa eta ahula izanen da noski, literaturak zerbait aldatzekotan sentsibilitatea aldatzen baitu, eta ez besterik, bozarik gabeko herriak panpina uslelak bilakatzen dira.

Boza hau isilarazten duten guztien aurka, aurka, aurka gaude.

Sariketa literarioen aurka, beren sentzugabekeriaz idazleak ito eta zapuztu egiten dituztelako.

Non ditugu presentatutako lanak, noraino daude epaimahaikoak jantziak lanak juzkatzearren.

Sariketa literarioen aurka liburuak, aldizkariak, poema, bertso eta teatro saioak proposatzen ditugu.

Zenbait erakunderen fama ez da euskal literaturaren auzia, beraiena baino.

Gurea, euskal literaturari astinaldi bortitzak ematea da.

21-22 urterekin esaten zuten hau, baina bitxia da ikustea urte batzuk geroago jazoko zena, kontraesanak denok dauzkagu eta.

Esate batera, Izagirrek berak esan zuen, literatura librea eta ausarta egin nahi dugunok jakinarazten dugu ez garela jujearengana hamabostero presentatuko.

Hau idatzi eta gutxira sari bat irabazi zuen.

Idatzitakoa gogorarazi zion kazetari batek, eta erantzun zuen: haragia flakoa da.

Berrikiago, Lubaki bandak bere sasoirik hoberenean zegoenean, zera zioen literatura sariketetaz: literatura espresabide den heinean ezin onar dezake klasifikaziorik.

Asko dira sarituak, baina gehiago zaurituak.

Esaldi honekin, Jon Alonsok txapelketetara aurkeztu eta saririk jasotzen ez dituzten lan guztiak oroitu zituen.

Horiek esanak beraz, baina Alonsoren idurikoz, 10etik bederatzik sarietan parte hartu, lanak aurkeztu, eta noski, irabaziz gero dirua jaso.

Zerrenda eginez gero idazle konsagratu gehienek sariren bat irabazi duela ikusiko genuke.

Aldeko puntuak

Jon Alonsok sariketen aldeko arrazoiak ere bazituela azaldu zuen.

Esate baterako, sariketek ezaguna izaten laguntzen dute, eta hori biziki garrantzitsua da argitaletxe batera ate joka joateko.

Ez bazaituzte deusetaz ezagutzen ez diote zure lanari inolako jaramonik egiten.

HAUSNARTZEN Lehiaketei bere esperientziatik egin zien so.